SOL Y TIERRAPRINTZESA
ETA DRAGOIA
Pertsonaiak: Ausartzi Printzesa Lozorro Erregea Federico mezularia Neurtitz Lorezaina Manuela Igela Trikimailu Dragoia Lehenengo ekitaldia. Aurkezpena
NARRATZAILEA.- Aspaldiko garaietan eta urrutiko lurraldeetan, bazen Bakerri izeneko erreinua. Bakerrin denak loti hutsak ziren. Bakerri ondoan baso ilun eta beldurgarria zegoen. Eta basoan… dragoia. Trikimailu izenekoa. Badakizue dragoiak nolakoak diren, ezta. Sudurretik sua botatzen dute eta aurrean jarriz gero, kiskali egiten zaituzte. Baina Trikiimailu Dragoia ez zen horrelakoa, ez horixe. Berari txiki-txikitatik gehien gustatzen zitzaiona ez zen jendea beldurtzea, ezta sudurretik sua botatzea. Berari gustatzen zitzaiona irakurtzea zen. Irakurri eta irakurri zegoen kandelek ematen zuten argipean. Pilo bat istorio ikasi zituen Trikimailuk: Txanogorritxorena, Hiru txerritxoena, Makilakixkirena… Egun batean baina, dragoia aspertu egin zen. Aspertu zen irakurtzeaz, eta aspertu egin zen batez ere beti gauza bera jateaz. Trikimailu Dragoiak beti gauza bera jaten zuen eta. Kobazulo ilun eta hezeetan hazten den gauza bakarra jaten zuen beti... Ezetz asmatu zer jaten zuen! (Ikusleek gauza asko erantzuten dute: saguzarrak, arratoiak...) Ez! Jaten zuena txanpinoiak ziren (Orduan dragoiaren ahotsa entzuten da eta narratzaileak alde egiten du isil-isilik egoteko keinua eginez) DRAGOIA.- Asper-asper eginda nago! Beti nago gauza bera jaten! Txanpinoiak baratxuriekin, txanpinoiak tomatearekin, txanpinoiak limoiarekin. Txanpinoiak gorrotatzen ditut! Beste gauza bat jatea gustatuko litzaidake... adibidez... Badakit! Printzesa gozo eta gazte bat jango nuke, je, je, je. Nire aitita Trikimailu I.a, Beldurgarri ospetsuak 1347 printzesa jan zituen, eta nik zer! ezertxo ere ez, printzesa batek nolako usaina duen ere ez dakit. Baina hau amaitu egin behar da! Ni benetako dragoia naiz, nire aitita bezalakoa, atzaparretatik belarrirainoko dragoia. NARRATZAILEA.- Orduan Trikimailu Dragoiak Erreinu osoko loti handienari, Bakerriko Lozorro Erregeari gutun bat idatzi zion. Bigarren ekitaldia. JauregiaERREGEA.- Neke-neke eginda nago, gaur 24 ordu besterik ez dut lo egin eta alboz-albo nabil eskinetatik. (Lo geratu eta zurrungaka hasten da) (Mezularia agertzen da eta tronpeta jotzen hasten da)Nahiko! Utz iezaiozu tronpetatxoa jotzeari! MEZULARIA.- Bai, bai, baina... Har ezazu gutuntxoa, Maiestate! (ematen dio) Eta nik, protokoloak dioen bezala, tronpeta joz agurtzen zaitut. (Tronpeta jotzen du) ERREGEA.- Nahikooooo! Isildu edo Pepito krokodriloarekin bidaliko zaitut. MEZULARIA.- Ezzzzz! Pepito krokodiloarekin ez! Ez du gosaldu eta! (Joan egiten da)) ERREGEA.- Norena ote da gutuna? Ipotxen Herriko Erregearena, partxisean partida batera desafiatzeko? Gainera, beti irabazten dit. Edo Kili-kili Herriko Erreginarena? (Ausartzi Printzesa agertzen da pozik eta abesten) PRINTZESA.- Egun on aita! Zelan egin duzu lo gaur? ERREGEA.- Uy! Oso gutxi, eta gainera logabezia dut. PRINTZESA.- Zer da hori, eskuan duzuna? ERREGEA.- Gutun bat! Baina ez dakit norena den. PRINTZESA.- Ba, jakin nahi baduzu, zergatik ez duzu irekitzen? ERREGEA.- Arrazoia duzu, alaba, ikus dezagun zer dioen : “Bakerriko Errege maitea, Ausartzi Printzesa askaldu nahi dut, zera.... zera esan nahi dut..... askaltzera gonbidatu nahi dudala nire kobazulora. Begirunez, Trikimailu III.a, Bronkazalea” PRINTZESA.- Aita, dragoi horrek jan egin nahi nauela dio! Zure baimena ematen badidazu, oraintxe bertan joango naiz dragoiaren kobazulora eta orduan ikusiko du horrek nor den Ausartzi. A zer nolako jenioa dudan nik haserretzen naizenean! ERREGEA.- Ez, inola ere ez! Zein ipuinetan irakurri duzu zuk printzesak laguntzarik gabe doazela dragoien kobazuloetara? PRINTZESA.- Printzesa eta Txitxirioaren ipuinean...zerean, ba, ba ... inon ere ez ! ERREGEA.- Halan da ba, alabatxo, printzesak gazteluetan egoten dira zapiak brodatzen. PRINTZESA.- Baina aita, nik jadanik bost mila zapiehun eta berrogeita zazpi zapi brodatu ditut eta... aspertu egiten naiz! Beste gauza batzuk egitea gustatuko litzaidake, zerbait zirraragarriago. ERREGEA.- A! Ba orduan... galtzerdia broda dezakezu!, eta ni lokuluxkatxoa egitera noa, buruhauste honek leher eginda utzi nau eta, baina bihar konponduko dut, agur alabatxo. PRINTZESA.- Bihar konponduko dut, bihar konponduko dut, ezin dira arazoak beti biharko utzi. Zerbait pentsatu behar dut oraintxe bertan. Badakit! Federico mezularia bidaliko dut herritik zehar herriko pertsonarik ausartena topatzera, dragoiarengana joateko. Federico!, Federico! MEZULARIA.- Zer agintzen du maiestate horrek? PRINTZESA.- Zatoz hona Federico. Joan zaitez herritik zehar eta aurkitu pertsonarik ausartena Trikimailu Dragoiarengana joateko eta ni ez jateko konbentzitzeko. Ale, zoaz ! MEZULARIA.-Ulertzen dut. (Tronpeta joz) Bakerriko biztanle maiteok, herriko pertsonarik ausartena behar dugula jakinarazten dizuegu. Ausart hori Triki... Triki... Triki... (Umeek izena osotzen dute) Horixe, Trikimailu Dragoiaren kobazulora joan beharko da. Eta zera... zera... jan ez dezan konbentzitu beharko du. Baina…nor jan nahi du dragoiak? PRINTZESA.- Ni! MEZULARIA.- ...Eta ni ez jateko konbentzitzeko! Lagunduuu! Dragoiak jan egin nahi nau! (ezkutatu egiten da) PRINTZESA.- Zu ez zaitu jan nahi, ni neu irentsi nahi nau. MEZULARIA.- Dragoiak Ausartzi Printzesa jan nahi du? Eskerrak ni ez nauen jan nahi. Hau poza!! PRINTZESA.- Federico, ondo deritzazu dragoiak ni jan nahi izateari? Ospa hemendik! Baina zer gertatzen da herrialde honetan? Denak edo lotiak edo tuntunak dira ala?. (Neurtitz agertzen da) AUSARTZI.- Hala! Hor dago berriro ere Neurtitz kantsagarri hori. Beti dago kokolo arpegiarekin begiratzen. Hau aspertasuna! Banoa. NEURTITZ.- (Ez dio pasatzen uzten) Oi! Printzesa, gaur inoiz baino ederrago zaude. Etorriko zara nirekin lorategietatik paseatzera? PRINTZESA.- Ez dut astirik Neurtitz, eta kendu aurretik, galtzerdi bat brodatzera joan behar dut eta. (Joan egiten da) NEURTITZ.- Hau astakeria! Printzesa gizagaixoa guztiz beldurtuta egongo da. Bertso batzuk asmatuko ditut eta gaur gauean, zeruan ilargia bete-bete dagoenean kantatuko dizkiot. Ea zer deritzazuen errima honi “Printzesa arpegi ederra, jaten emadazu eperra” Ez, ez zait gustatzen, A! Beste bat dut, “Printzesa arpegi ederra, botatzen duzu ipurditik puzkerra”. Beno, Ausartziri hau kantatzen badiot, ziur plater bat botako didala burura. Dotoreago izan behar da abestia. Badago, “Printzesa arpegi ederra, zure begiek argitzen dute leizetako bazterra!”, gustatzen zaizue? Ba, gauean kantatuko diot. NARRATZAILEA.- Eguzkia sartu, ilargia atera, gaua heldu zan. Eta gau hartan, beti bezala, Printzesak Jauregiko dorrerik altuenera igo zuen, izarrak begiratzera. PRINTZESA.- Zein ederra dagoen gaueko zerua, izarrez beteta, bat, bi, hiru, lau,… sardina bakalau, bost, sei, zazpi, zortzi…ederra dago ortzi…. NEURTITZ.- Oi Printzesa! Abestitxo bat kantatuko dizut. PRINTZESA.- Et? Nor da? Beno, ondo dago!, baina azkar, lo egitera joan behar dut eta. NEURTITZ.- “Printzesa arpegi ederra, zure begiek argitzen dute leizetako bazterra! ”Printzesa, ez izan beldurrik, mesedez. Begira nazazu. Zugatik haran arriskutsuenak jaitsi eta mendi altuenak igoko nituzke. PRINTZESA.- A! Bai? Ba, orduan, mesedetxo bat eskatu behar dizut. Bihar joan zaitez Trikimailu Dragoiaren kobazulora eta ni ez jateko konbentzi ezazu! NEURTITZ.- Dragoiaren kobazulora? Baina, ni bihar oso lanpetuta egongo naiz... PRINTZESA.- Zuri gertatzen zaizuna beldur zarela da. NEURTITZ.- Ez, beldur, ez. Beldur baino gehiago! PRINTZESA.- Dragoiaren kobazulora bazoaz, lorategietatik paseatuko dugu elkarrekin, baina paseotxo laburra, e? NEURTITZ.- Joango naiz ba, laztantxo, eta nik esango diot dragoi horri nola jokatu behar duen. Ez izan nigatik beldurrik, zure begiradak argitu dezala gaua, eta zure edertasunak iratzartu dezala nire bihotzeko maitasuna zure ahotsak laztantzen nauen artean, eta zure arnasaren lurrina... PRINTZESA.- Bai, bai, bai, baina... Nola konbentzituko duzu dragoia ni ez jateko?NEURTITZ.- Nik asmatutako abesti bat kantatuko diot. A! Badakit! Entzun. “Triki-Trikimailu Dragoia, erein ezazu koban txanpinoia!” Agur, Printzesa maitea! Egunsenti aldera joango naiz tripontzi horrekin topo egitera. PRINTZESA.- Ondo dago Neurtitz, baina joan zaitez behingoz, logura naiz eta. Itzultzen zarenean ikusiko dugu elkar, itzultzen bazara... NEURTITZ.- Bai, bai, banoa.
Hirugarren ekitaldia. Neurtitz eta Dragoia.NARRATZAILEA.- Hurrengo egunean Neurtitz lorezaina bere arpa eta bertsoak hartuta dragoiaren kobazularantz joan zen. Baina basoan sartu orduko, beldurraren beldurrez, lorezaina mutu gelditu zen, kobazulorako bidea aurkitu ezinik. IGELA.- (Manuela Igelaren abestia) “Manuela igela naiz, bai, igela naiz ni. Oso jakintsua naiz, egin zure galdera,oso jakintsua naiz, egin galdera” NARRATZAILEA.- Et, Igela, badakizu dragoiaren kubazuloa non dagoen ? IGELA.- Tentela, zure mutarraren aurrean dago! IGELA.- Gizajoa, ziur dragoiaren kazolan amaitzen duena! Ez du heroi itxurarik, bere txanka luze eta meheak ikusita.... ! (joan egiten da) NARRATZAILEA.- Goazen, Neurtitz, has zaitez zure doinua abesten. NEURTITZ.- (Kobazulorantz doa, abestuz) “Triki-Trikimailu Dragoia, erein ezazu koban txanpinoia, eta ez ezazu jan nire maitia”. (Bir)TRIKIMAILU.- (Kobazulotik ateratzen) Nor ote dago abesti txatxar hori abesten? Nazkagarria da! Buruko mina ematen dit! Zeu zara!!!!!!!! Lorezaina!!!!!!!!!!!!! (Neurtitzi esaten dio, hau narratzailearen atzean ezkutatzen den bitartean) Oi! Hori bai abesti ederra! Goazen, sartu nire kobazuloan eta elkarrekin abestuko dugu! NARRATZAILEA.- Baina Dragoi, Neurtitz ez da hona zurekin abesteko etorri, zuri zerbait esatera etorri da (umeei) Esaiozue zuek! (umeek erantzuten dute) TRIKIMAILU.- Nik Printzesa jan? Bai lelokeria! Txantxa zen, je, je, je, oso dragoi bromazalea naiz ni. NARRATZAILEA.- Horrela bada, zurekin sartuko da kobazulora, baina Ausartzi Printzesa bakean utziko duzula hitz eman behar duzu.TRIKIMAILU.- Noski, dragoi berdearen hitza ematen dizut. NEURTITZ.- (Kobazulora sartu eta dragoiak harrapatu egiten du) DRAGOIA.- Zure abestiak gorrotatzen ditut, jasanezinak dira!
Laugarren ekitaldia. Erregeak mezularia bidaltzen du.NARRATZAILEA.- Hiru egun eta hiru gau igaro ziren Bakerrin eta Printzesak ezin zuen gehiagorik itxaron, ez zuen Neurtitzen berririk eta.PRINTZESA.- A, Neurtitz gizajoa! Atxilotuta ote dago ala dragoiak jan ote du? Nire errua da! Nik eskatu nion dragoiaren kobazulora joateko. Oraintxe bertan joango naiz Trikimailuren kobazulora, eta ikusiko du nor den Ausartzi! ERREGEA.- Zer esan duzu? Dragoiaren kobazulora joatea erabat debekatzen dizut. Hori ez da Printzesek egin beharreko lana. Mezulariak eramango dio gutun bat dragoiari (Ausartzi joan egiten da) eta bertan zu bakean uzteko eta Neurtitz askatzeko eskatuko diot. Mezulari! Hator arin! MEZULARIA.- Zer nahi du maiestate aspergarri horrek? ERREGEA.- Dragoiari eramango diozu gutuna, ni orain lokuluxkatxoa egitera noa, buah!MEZULARIA.- Baina, Errege, ezin naiz joan, gaixorik nago! ERREGEA.-A! Bai? Zer gertatzen zaizu? MEZULARIA.- Hazkura dut (oina erakutsi) oinean! ERREGEA.- Joaten ez bazara, oraintxe bertan bidaliko zaitut Pepito krokodiloarengana. Orain lokuluxkatxoa egitera noa. Buahhhhhhh!!!!!!!!!!! (Erregea joan egiten da) MEZULARIA.- Bai, Maiestate! zure esanetara, Maiestate! Agintzen duzuna! (Gutuna hartu eta kobazulorantz doa oinez) Dragoi horrek beldurtu egiten nau! Gutuna postontzian utziko diot, eta korrika aterako naiz. Hementxe utziko diot. (Makurtzean dragoiak harrapatu egiten du) (Mezulariak bost itzulipurdi ematen ditu airean) Lagundu! Ama! Lagundu! Aska nazazu! Aiiii! DRAGOIA.- A!!!!!! Harrapatu zaitut. Jango zaitut!!!!!!!!! (Dragoia kobazulotik ateratzen da eta abesti bat kantatzen du ) MEZULARIA.- Uahhhhh. Utzi pakean. Zapazto. Marigaiztooooo. DRAGOIAREN ABESTIA.- “Dragoia naiz eta Printzesak jaten ditut, ez zaizkit ez Neurtitz ezta bere abestiak ere gustatzen”. (Bir) DRAGOIA.- Neurtitzen abestiak gorroto ditut, buruko mina ematen didate!
Bosgarren ekitaldia. Ausartzi eta Dragoia.
PRINTZESA.- Federico ere ez da itzuli, atxilotuta egongo ote, ala dragoiak jan ote du? Badakit zer egingo dudan. Oraintxe bertan joango naiz kobazulora eta ikusiko du horrek nor den Ausartzi Printzesa. ERREGEA.- Alabatxo, dragoiaren gutun bat jaso dut, entzun, “Errege maitea, ez baduzu Printzesa ahalik eta arinen bidaltzen, Bakerrin dagoen guztia hondatuko dut. A! Eta zure lore guztiak zapalduko ditut. Begirunez, Trikimailu III.a Bronkazalea”. Ikaragarria! Egoera latzean gaude. PRINTZESA.- Zerbait egin behar dugu! ERREGEA.- Bai alabatxo, laguntza bilatzera noa (Lokartu egiten da.) PRINTZESA.- Gure aita honek… lo besterik ez du egiten. Ai ama, dragoi horren askaria ez badut izan nahi zerbait pentsatu beharko dut. Badakit! Basoan bizi den lagun baten bila joango naiz, oso jakintsua da, ziur hark lagunduko didana. (Basorantz doa) Manuela!, Manuelatxo! (Umeei) lagundu deitzen.(Igela agertzen da) IGELAREN ABESTIA.- “Manuela igela naiz, bai, igela naiz ni. Oso jakintsua naiz, egin zure galdera, oso jakintsua naiz, egin galdera” IGELA.- Kaixo, Printzesatxo! PRINTZESA.- Kaixo Igelatxo, zure bila nabil, zure laguntza behar dut eta... Esan Igelatxo! Nola egin diezaioket aurre Trikimailu Dragoiari? IGELA.- U! Ea ea zer egin dezakegun.... E.... Badakit! Zuk bakarrik ezingo duzu. Lantaldea beharko duzu. Taldean bakarrik egin ahal zaio aurre dragoiari. PRINTZESA.- Lagun nazazu zuk, Igela!IGELA.- Ezin dut! Lan handia dut eguzkia hartzen. Agur, Printzesatxo! Ziur dragoiaren kazolan amaitzen duena! Gizajotxoa! (Joan egiten da) PRINTZESA.- Baina non aurkituko dut nik talde bat dragoiari aurre egiteko? Guztiak daude Bakerrin eta. (Umeek ez badute Ausartziri laguntzeko bere burua eskeintzen, Ausartzik berak eskatuko die laguntza) Ederki! Bagara taldea! Orain dragoiari gustatzen ez zaion zerbait pentsatu behar dugu, izorratu egingo dugu eta horrela guk nahi dugun guztia egingo du! (Umeek ideiak botatzen dituzte, norbaitek Neurtitzen abestiak esan arte) PRINTZESA.- Ez zitzaion Neurtitzen abestia gustatu? Ba orduan horixe egingo dugu, abestu egingo diogu. Nola zen? “Triki-Trikimailu Dragoia, erein ezazu koban txanpinoia” Guztiok elkarrekin abesten badugu, ziur izorratzen duguna, eta eskatzen dioguna egingo du. Goazen ba ensaiatzera! (Abestu egiten dute) Baina, indartsuago! (Abestu egiten dute) Bale, nik esaten dizuedanean, abestu. (Kobazulorantz hurbiltzen da) Trikimailu! Ausartzi naiz! Askal nazazun etorri naiz! Zera.... zurekin askaltzera esan nahi nuen. TRIKIMAILU.- (Kobazulotik ateratzen) Ausartzi Printzesa nire etxera etorri da... orain dut bera jateko aukera... jejeje... (Eszenatokira ateratzen da) Oi! Ongi etorri nire kobazulora! Aurrera, aurrera.... PRINTZESA.- Orain umeak, abestu ezazue! (Hiru aldiz abesten dute) “Triki-Trikimailu Dragoia, erein ezazu koban txanpinoia” (Bis.) TRIKIMAILU.- Erruki, mesedez! Ezin dut jasan! Nahi duzuena egingo dut, baina mesedez, ez ezazue abesti hori gehiagotan abestu. PRINTZESA.- Ongi da, guk ez dugu gehiago abestuko zuk bi gauza zin egiten badituzu. DRAGOIA.- Zer? PRINTZESA.- Lehenengo, Neurtitz eta mezularia askatu behar dituzu, jan ez badituzu... DRAGOIA.-Oraindik ez ditut jan. Argalegi daude. PRINTZESA.- Eta bigarrena, aspaldikoa den eta zuk duzun Printzesak jateko ohitura hori ahaz dezazun. DRAGOIA.- Hum printzesak!, ñam, ñam, gozo baino gozoagoak! (Printzesarengana doa maltzurkeriz.) PRINTZESA.- Ai! Umeak, lagundu, abestu ezazue berriro!! DRAGOIA.- Ez, mesedez!, berriro ez. (Joan egiten da) PRINTZESA.- Trikimailu Dragoia! Aska itzazu gure lagunak! Egiten ez baduzu, berriro abestuko dugu!!DRAGOIA.- Ez! Kobazulo barrenera joango naiz eta tapoiak jarriko ditut belarrietan zuei ez entzuteko! PRINTZESA.- Beste zerbait pentsatu behar dugu! Abesteak, orain, ez du balio!! (Harremana sortu umeekin) (Igela agertzen da) IGELAREN ABESTIA.- “Manuela igela naiz, bai, igela naiz ni. Hau da zure erantzuna, hau da erantzuna” PRINTZESA.- Oi!!!! Igelatxo!!!!!!! IGELA.- Printzesa, aintzinako liburu baten dragoiak baketsuak bihurtzeko erabiltzen zen sorginkeria bat aurkitu dut. Ilunabarra baino lehenago hiru lore eman beharko dizkiozu usaintzeko, eta lelotzen denean, bere bihotz gogorra biguntzea lortu beharko duzu. PRINTZESA.- Eskerrik asko, igelatxo, utz iezadazu musu handi bat ematen. IGELA.- Ez, ez ez ez..., Printzea izango nintzateke orduan, eta ni oso gustura nago igela izanda. (Joan egiten da) PRINTZESA.- (Ikusleen artean hiru ume ateratzen ditu eta hiru lore ematen dizkie)(Umeei izena eta galdetzen die) Dragoia ateratzen denean, jar iezaizkiozue lorea sudurkotean. Eta zuek (ikusleei) lagun iezadazue, nori deitzen? ... Trikimailu!, Trikimailu! DRAGOIA.- Zer entzuten ari naiz? Belarrietako tapoiak kenduko ditut. (Kanporantz) PRINTZESA.- Neu naiz berriro, Ausartzi Printzesaaaaa ! Zurekin hitz egitera etorri naiz, zergatik ez zatoz hona, potxolo? DRAGOIA.- Ez naiz aterako, abesten baduzue buruko mina jarriko didazue eta! PRINTZESA.- Ez dugu abestuko, ezta? (Umeei galdetuz) DRAGOIA.- Beno, horrela bada, oraintxe joango naiz...(Dragoia ateratzen da) PRINTZESA.- Zer da hor lurrean dagoena? Oi, urrezko txanpona... DRAGOIA.- Hori nirea da, nirea da. (Dragoia makurtu egiten da gauza distiratsua hartzeko) PRINTZESA.- Orain umeak! Jar iezaiozue lorea sudurrean! (Dragoia zorabiatu egiten da eta lurrera erortzen da) PRINTZESA.- Zorabiatuta zaude, Triki? DRAGOIA.- Ama, ez dut eskolara joan nahi… PRINTZESA.- Argi dago guztiz zorabiatuta dagoena. Eta orain, nola bigunduko diogu bihotza? (Umeei galdetzen die. Beharbada norbaitek “musu bat” esaten du. Hala ez bada, Ausartzik hurrengo hau esango du: “Beharbada, musu batek zerbait lortuko luke”) (3 umeek, banan-banan ematen diote dragoiari, musika eta argiekin jokuak egin bitartean) DRAGOIA.- Zer egin didazue?PRINTZESA.- Musu bat eman dizugu. Ez dakizu zer den? Etorri hona, beste bat emango dizut eta. (Musua ematen dio) DRAGOIA.- Hau zirrara! Hori da musua? Benetan goxoa! PRINTZESA.- Zuk ez dakizu musua zer den lagunik ez duzulako. Lagunek musuak ematen dituzte, baina zu beti egoten zara kobazuloan sartuta. Baina, esadazu Triki, zergatik jan nahi ninduzun? DRAGOIA.- Txanpinoiak jaten ditut beti eta kokoteraino nago. PRINTZESA.- Ez duzu txanpinoi gehiagorik jan behar, gauza gehiago jan dezakezu. DRAGOIA.- A! Bai? Gauza gehiago dago jateko, ala? AUSARTZI.- Noski! Zuek esan! (Hiru umeei galdetzen die) PRINTZESA.- Trikimailu, zuk istorio asko dakizu, liburu asko irakurri dituzu eta. Nik jateko gauza gozoak ematen badizkizut, zu Bakerriko dragoi ipuin kontalaria izan zaitezke.DRAGOIA.- Oso ideia ona! PRINTZESA.- Baina lehenengo gure lagunak askatu behar dituzu! DRAGOIA.- Ados, askatuko ditut. Eta nik maletak egingo ditut. (offean) Neurtitz, Mezulari! Aske zaudete! (Dragoia joan egiten da eta Ausartzik txaloak eskatzen ditu eszenatokian dauden ikusle ausartak agurtzeko) PRINTZESA.- Zein ondo, pozik ibiliko gara Bakerrin, ipuinak entzungo ditugu goizean, ipuinak arratsaldean, ipuin gehiago gauean..., zoragarria izango da ! NEURTITZ.- Printzesa! Zer ari zara hemen? PRINTZESA.- Zu askatzera etorri naiz! NEURTITZ.- Laguntzarik gabe askatu nauzu? PRINTZESA.- Ez, nire lagunek eta nik askatu zaitugu (Ikusleak seinalatuz) Emadazu besarkada handi bat! (Besarkatu egiten dira ) Neurtitz…(zer) Gaur gauean jai handia ospatuko dugu Jauregian, eta nik (zer) zu (zer) zu nire bikotea izan zaitezkela pentsatu dut. (Usaindu egiten du) Baina lehenengo dutxa bat hartu beharko duzu, Neurtitz, hatsa duzu eta! NEURTITZ.- Dutxa bat hartuko dut eta ezin dotoreago jarriko naiz! (Joan egiten da) PRINTZESA.- Egia esan, niri lehen Neurtitzek ez zidan kili-kili handirik egiten tripatxoan, baina orain... ez dakit, bihotzaren taupadak gelditu ezinik dauzkat! (Bat-batean zerbait gogoratzen du) Baina, mezularia falta da eta. Federico! FEDERICO.- Hemen nago maiestate, txanpinoiak jaten. PRINTZESA.- Federiko, utzi txanpinoiak eta zatoz gurekin dantzatzera ! FEDERICO.- Bai maiestate, oraintxe bertan (ahoa beterik balu bezala).PRINTZESA.- Eta orain dena ondo bukatu dela ospatzeko dantzaldia egingo dugu. Zuek ere gonbidatuta zaudete. Ea ba, guztiok batera egingo dugu… Gure lagun batek azalduko dizue nola egin. Oso erreza da. Begira! (Ikusleek eta Printzesak dantzatu egiten dute) NARRATZAILEA- Eta hala bazan (burua eszenatokitik aterata) LAGUNTZAILEA.- Edo ez bazan (burua eszenatokitik aterata) Elkarren arteko begirada, panpinak atera, eskenatokiko erdikaldean ipini etaNARRATZAILEA ETA LAGUNTZAILEA.- Sar dadila kalabazan eta ager dadila………………ko plazan. (Erreberentziak) ---------------------------- * ----------------------------- Agurra AmaieraMaría José de 1998ko urtarrilaren 11an 1999ko uztailaren 4an gaurkotua 2003ko abenduaren 15ean gaurkotua 2005eko apirilaren 17an berrikusia 1- 09 - 2006 |